Noticias

 

JOSE MIGUEL ETXEANDIA

UDAL ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

2015 urtearen amaierako egun hauetan, Jose Miguel Etxeandia larrabetzuar presoa aske geratuko da, ezarri zioten kartzela zigorra osorik bete ostean.

Etxeandia 2003an Mexikotik Espainiara entregatu zuten, eta harrez gero zazpi kartzela ezberdinetan egon da preso; kasu guztietan ere Larrabetzutik 400 kilometro edo gehiagotara. Espetxe Legedian inolako oinarririk ez daukan urruntzea eta sakabanaketa jasan dute, beraz, bai Etxeandiak eta bai bere senideek azken 12 urteetan.

Baina Jose Miguel Etxeandiaren kasua are larriagoa izan da, gaixotasun larri bi diagnostikatuta eduki izan dituelako urte horietan guztietan. Eta halan eta ere, ez zaio aplikatu gaixotasun larri eta sendaezinezko kasuentzako Espainiako Legediak berak aintzat hartzen duen etxeratzeko aukera. Azken hilabeteotan, gainera, psikologoarekin espetxean bertan jaso beharreko tratamendua ere oztopatu egin izan diote, oinarrizko gizalege guztiak urratuz.

Larrabetzuko herriak, ideologia guztien gainetik, giza eskubideen errespetuan oinarrituta, Etxeandia aske uzteko eskaria eginez 962 sinadura bideratu zituen iaz; gure udalerriaren biztanleriaren erdiaren sinadurak, beraz. Hala ere, eskari horrek ez zuen eduki erantzunik.

Orain, berriz, Jose Miguel Etxeandia bere zigor osoa bete ostean herrira bueltatuko den honetan, Larrabetzuko Udal korporazio osoak bat eginik honako adierazpena egin nahi du herritarren aurrean:

“Espetxe politikak zerikusi handia du euskal errealitate soziopolitikoan eta errealitate zaurgarri eta ahuletan du eragina, besteak beste preso dauden pertsonengan, beren familiengan eta hauek guztiek dituzten eskubideetan. Zentzu honetan, espetxe politika batek humanizatzeko edo deshumanizatzeko izan dezakeen gaitasunaren isla argia da.

Giza eskubideen ikuspuntutik egoera gordina eta salagarria da gaixotasun larriak dituzten pertsonak preso mantentzea. Baina badira oraindik oso gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten euskal herritar presoak: 11 herritar hain zuzen ere. Egoera hau, euren egoera fisikoa eta euren senitartekoen ezinegona okertu eta areagotzea ari da eragiten, pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak ukatuz.

Diagnostiko larriarekin gaixorik dauden preso hauen kasuan, sufritzen dituzten gaixotasunei behar bezalako jarraipena egitea bateraezina da espetxean egotearekin.

Preso hauei baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari dira Frantziako eta Espainiako arduradun politikoak.

Nazioarteko zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dute. Izan ere, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona horiek, beharrezkoa duten tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea da.Horregatik, Larrabetzuko udalak, honako akordio hau hartu du:

  1. Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Espainiar Gobernuari espetxe politika bizikidetza politikaren zati bihurtzeko espetxe politika hori aldatzea eskatzen diogu.
  2. Nazioarteko eta Espainiako legedia aplikatuz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen baldintzapeko askatasuna eskatzea.
  3. Ez dadila gertatu gaixorik dauden beste presoekin Jose Miguel Etxeandia gure herritarrarekin gertatu izan dena; zigorra osorik bete arte espetxean mantentzea, hain zuzen.

Adierazpen honen berri Espainiako Gobernuaren Ordezkariari, Espetxe-Erakundeetako Idazkari Nagusiari, prentsara eta Larrabetzuko herritarrei emango zaie.